QUINTANA ROO: karibe mexikarra

Posted by

Cancun

images-2

Aireportutik irten eta taxi gidarien jazarpenetik bizirik atera ondoren, ADO autobusa hartu eta Cancunera heldu nintzen. Hirian bi gau eta egun bat pasa nituen erdiguneko Mundo Maya hostalean. Ez da bereziki polita, nahiko zaharra eta zikina iruditu zitzaidan. Bertako jendearen graziak egiten du erakargarri. Pobrezia nabari da bazter guztietan. Hondartzetako ostatu turistikoekin kontraste itzela egiten du.

Playa del Carmen

img_20160908_174157

Cancunetik 68 kilometrotara dago Playa del Carmen. ADO autobusen geltoki parean, kolektibo moduan ezagutzen diren 15 bat eserlekuko furgoneta txuriak hondartzetako gunera heltzen dira peso gutxi batzuen truke. Bidaiatzeko modurik merkeena da eta erosoak dira. Leku honek beste itxura bat du, Cancun erdigunearekin zerikusirik ez. Askoz ere turistikoagoa, ipar-amerikarrez, diskotekez eta dendez josia. MX Hostel hostalean pasa nuen gaua. Argazkietako hondartza ikusgarri gehienak hotelek eta ostalaritzako komertzioek erosita dauzkate. Badago ordea zati publiko bat. Ez daude ur ertzeko hamaka famatuak baina ederra da.

Cozumel eta Punta Morena

img_20160909_161254

Playa del Carmeneko hondartzatik ferryak ateratzen dira inguruko irletara. Cozumelera joatea erabaki nuen. Erdigunea Playa del Carmenen antzekoa da; dendak, jatetxeak eta diskotekak. Taxi bat hartu (kolektiboak ez dira hona heltzen) eta 21 kilometrotara dagoen Punta Morenara iritsi nintzen. Turista gutxien jasotzen dituen hondartza da hau, dozena bat pertsona geunden bertan. Hara sartzeko jatetxean kontsumitu behar da, 20€ko gastua gutxienez. Ur ertzeko hamakak eta hondar zuri-zuria. Mariatxien musikak girotuta guakamolea, tako mexikarrak eta margarita bat hartu ostean hamaketan etzanda paradisuan nengoela sentitu nuen. Paradisua ez da merke ateratzen ordea.


Warning: sizeof(): Parameter must be an array or an object that implements Countable in /home/customer/www/neubidaiari.eus/public_html/wp-content/uploads/cache/blog/_wplatte/_google-map.google-map.latte-880f1749c1eb7245139e0313da7d0c3e.php on line 30

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.