Mexiko lindo
Betidanik nahi izan dut dena utzi eta denboralditxo batez bidaiatzea. Azkenean ausartu naiz eta Mexikora jo dut.
Pasa den irailaren 7an ekin nion abenturari motxila bizkarrean hartuta. Eguerdiko ordubietan Bilbon hegazkina hartu eta goizeko bostetan (Mexikon gaueko hamarrak) heldu nintzen bertara, Frankfurtetik pasata.
Hona heltzeko modurik merkeena Madril edo Bilbotik Cancunera hegazkinez etortzea da. 485€ ordaindu nituen nik, bueltarik gabe. Hegaldi merkeak topatzeko Skyscanner orrialdea bikaina da. Bidaiak Visa Kreditu (debitukoa ez) txartelarekin ordaintzeak bidai asegurua estaltzen du. Europatik kanpo osasun zerbitzuak ordaindu egin behar direnez, aukera ona da.
Herrialdera sartzea ez da zaila. Pasaportea eta sei hilabete baina lehenago herrialdetik ateratzeko hegazkin, autobus edo treneko bileteren bat erostea nahikoa da. Bueltako datarik gabe bidaiatu nahi izanez gero, onena Greyhound autobus zerbitzuen orrialdetik Mexicali (MX)-Calexico (AEB) txartel bat erostea da, 7€ eskas dira eta balio du.
Txanpon aldaketa €1=20,5 pesotan dago berez, baina komisioak direla-eta 19,7etan aldatzen da asko jota. Seguruena kreditu txartelarekin bidaiatzea da, gauza asko honekin ordaindu daitezke. Banco Santander eta BBVA kutxazainak ere badaude eta 1,5-3€ bitarteko komisioa kobratzen dute dirua ateratzeagatik.