Palenquen gaua igaro eta eta San Cristobal de las Casas aldera abiatu nintzen. Bi aukera daude hona heltzeko, ADO autobusean edo kolektiboetan. Azken hauek beti ere merkeagoak dira eta beste grazia bat daukate, bertako jendearekin kontaktu zuzenagoa edukitzeko aukera ematen baitute. Bidai hau egunez egitea gomendatu zidaten, batzuetan furgonetak geratu eta lapurretak izaten omen dira. Auskalo, baina ni badaezpada goizeko bederatzietarako abiatu nintzen.
Palenqueko ADO geltoki aurrean lehen kolektiboa hartu eta Ocosingoraino heldu nintzen, hiru ordu terdiko bidaian. Zerbait jateko hamar bat minutuko atsedenaldi baten ondoren bigarrena, San Cristobal de las Casas hirira. Bidean pare bat abenturatxo izan genituen, lehenengo gurpil bat zulatu eta ordu erdiz konpontzen saiatu ondoren beste batera igotzeko esan ziguten. Hau ez zen furgoneta ordea, oilo kajaz betetako kamioneta baizik. Atzeko atea zabalik joan ginen, aurrean neukan bakero txapeldun gizonaren txisteekin barrezka. Heltzeko ordu erdi eskas falta zela, berriro kamionetatik jeisteko agindua. Hamabost bat gazte zapatistek bidea blokeatuta zeukaten, pasatzen ziren autoei zerga bat eskatzen ari ziren. Metro gutxi batzuk oinez egin eta azkenengo kamionetara. Sancrisera heldu nintzen behingoz, sei orduko bidea egin ondoren.Hiri hau magikoa da, ederra. Txoko guztietan era guztietako artistak topa ditzazkezu, artisauak, musikariak, kale antzerkilariak…Zapatisten presentzia ere nabarmena da mural, pintada eta dendetan. Kolorez jantzitako lekua da.
San Cristobaletik ordubetera Cañon del Sumidero parke nazionala aurkitzen da. Chiapaseko edertasunaren erakusle paregabea. Istorio batek dio espainiarrek Diego de Mazariegosen agindupean, Soctón Nandalumí Chiapaseko indigenen hiriburua erasotu zutenean, hauek beraien burua kopuru zein indarrean ahulago ikustean, nahiago izan zutela mila metroko paretetatik ibaira salto egin, esklabutzan bizitzea baino. Erabaki gogorra bezain duina.
Goizeko bederatziak eta laurdenean kolektiboak hostal aurrean jaso ninduen parke nazionalera joateko. Portuan ontzira igo eta bi ordu pasa Grijalva ibaian barrena. Bidean pelikanoak, gartzak, zopiloteak eta kokodriloren bat edo beste ere bistaratu ziren. Garai batean pumak bizi omen ziren paraje hauetan baina gizakien presentziak behartuta alde egin zuten. Oihanean zehar nabigatzeak sortzen duen zirrara ezin da hitzekin, ezta argazkiekin azaldu. Momentu batez behintzat, hirietako kolore grisaz eta erritmo nekagarriaz ahazten laguntzen du.